Ayuntamiento de Burgui

Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu erabiltzaile gisa duten esperientzia hobetzeko. Webgune honetako edozein estekatan klik egitean, zure nabigatzailean horiek instalatzeko baimena ematen diguzu.

19/10/2021

Proiektua: “Jakiak ehuntzen, Zangozako merindadearentzako elikadura-gobernantza lokalizatzeko eredua”, 2020-2022

“Jakiak ehunduz, Zangozako merindadearentzako elikadura-gobernantza lokalizatzeko eredu bat” Cederna Garalur Elkarteak, Gu Pirinioa erakundeak eta Zangozako merindadearen agroekologiarekin konprometitutako hainbat udal eta erakundek bultzatutako proiektu bat da. Nafarroako 55 udalerrik osatzen dute, eta tokiko elikadura-sistemaren jasangarritasunerako trantsizioa sustatu nahi du, baterako gobernantza-sistema baten bidez.

Zertarako?

 Jakiak ehuntzen ekimenak lurraldean aurretik egindako diagnostikoak, ikerketak eta proiektuak bildu nahi ditu, lurraldean lan-esparru partekatua, koherentea, epe luzekoa eta emaitzetara bideratua sortzeko. Horretarako, proiektu honekin hasitako prozesuaren bidez, eta aurreko proiektu ugarietan oinarrituta eraikiz, honako helburu hauek lortu nahi ditu:

  • Nekazaritzako elikagaien tokiko banaketa-sareak egituratzea.
  • Tokiko elikadura-katea jasangarritasunaren ikuspegitik indartuko duen elikadura-sistema bat sortzea.
  • Nekazaritzako elikagaien sektorearen inguruan lurraldean kokatutako elikadura-gobernantzako sistema bat lantzea.

 

Nork sustatzen eta dinamizatzen du?

 Proiektua, hasiera batean, Nafarroako Pirinioetako eta Pirinioaurreko hainbat udalerritako udalek proposatu eta sustatu zuten; besteak beste, Espartza Zaraitzukoak, Urrozkoak, Burgikoak edo Uztarrozekoak. Udal horiek Cederna Garalur Elkartearen eta ‘Gu Pirinioa’ proiektuaren babesa izan zuten, martxan jartzeko beharrezkoak ziren baliabideak bilatzeko. Aurrerago, honako erakunde hauek batu zaizkio sustapenean eta dinamizazioan:

  • Hiri Hondakin Solidoen Irati Mankomunitatea
  • Zangozako Mankomunitatea
  • Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatea
  • Ezka Zaraitzu Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea
  • Erronkari Ibarreko Batzarra
  • Aezkoa Ibarreko Batzarra
  • Lurraldeko hogei udal
  • Arterra Bizimodu Elkartea

 

Nori zuzenduta dago proiektua?

 Proiektuaren helburua da herritar guztiekin eta lurraldeko erakunde publiko, sozial eta ekonomikoekin lan egitea, tokiko nekazaritzako elikagaien sisteman iraunkortasunerako trantsizioa sustatzen. Zehazkiago, lurraldeko eragileen eta horiei zuzentzen zaizkien ekintzak planteatzen ditu:

 

  • Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreak; ekintza askotan beraiek izanen dira sektore protagonista.
  • Nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko instalazioak.
  • Elikagaien banaketa eta salerosketa.
  • Ostalaritza eta turismo-sektorea.
  • Kontsumitzaileak
  • Eskola-jantokiak, zaharren egoitzak, elikagai-bankuak eta beste elikadura-ekipamendu kolektibo batzuk.
  • Tokiko elkarteak eta erakundeak.
  • Toki-administrazioak

 

Zein baliabide ditu proiektuak?

 Proiektuak Daniel & Nina Carasso Fundazioaren finantzaketa du, eta 2020ko urritik 2022ko apirilera bitartean gauzatu beharrekoa, lurraldera egokitutako elikadura-sistemen proiektuetarako deialdiaren barnean. Baliabide horiek lurraldean lehendik dauden beste batzuk osatzen dituzte, eta proiektu honen bidez efizientzia handiagoa lortzeko konbinatu dira. Adibidez, Cederna Garalur Elkartearen tokiko garapenerako agentzien lana eta ‘Gu Pirinioa’ proiektuan sartutako beste baliabide publiko batzuk. Era berean, hainbat toki-administraziok ere beren baliabideetako batzuk proiektuaren esku jartzen ari dira, eta gizarte-erakunde asko proiektuarekin lankidetzan ari dira, partekatutako zenbait jardueraren bidez.

Zer esku-hartze aurreikusten ditu proiektuak?

Badakigu, jakin ere, azken aldian proiektuari buruz (edo proiektuaren zati batzuei buruz) diagnostiko eta ekintza-plan anitz egin direla lurraldean; horrek ahalegin handia eskatzen dio tokiko biztanle guztiei. Horregatik, proiektu hau modu argian bideratu da tokiko biztanleek planteatutako beharrei erantzunen dieten hainbat emaitza epe labur eta ertainean lortzea ahalbidetuko duten ekintzak inplementatzera. Hala ere, egin zen lehenengo lana aurretiko azterketak, planak eta diagnostikoak jasotzen dituen diagnostikoa izan zen, eta epe labur eta ertainean egin beharreko ekintzak lehenesten ditu. Lehen diagnostiko horretatik abiatuta, proiektuaren hainbat gobernantza gune jarri dira abian. Horietan, inplikatutako taldeek eta pertsonek proiektua nola garatzen den erabakitzen dute, eta ekintzak batera garatzen laguntzen dute

Orain arte (2021eko ekaina) garatutako ekintzak honako hauek dira:

 

  • Lurraldean tokiko elikadura-sistemaren diagnostiko parte-hartzaile eta operatibo bat egitea, 2020ko udazkenean egina.  Diagnostikoa 2021eko martxoan aurkeztu zen jendaurrean, herritarrei hori irakurtzea errazten dien egikaritze-laburpen batekin batera.
  • Proiektuaren talde eragilea sortzea (2021eko martxoan). Taldea Cederna Garalur Elkarteko toki-garapeneko eragileek eta lurraldeko erakunde publikoko eta ekonomia eta gizarte-erakundeetako ordezkariek osatzen dute. Hilean behin online bilerak egiten ditu, eta aurrez aurrekoak hiru hilean behin.
  • 2021eko maiatzean, aurrerago deskribatu ditugun hiru lantalde sortu ziren: LT-Ekoizpena; 2.LT-Ostalaritza eta merkataritza; eta 3.LT-Lurraldeari balioa ematea eta nortasun partekatua.
  • Era berean, 2021aren amaierarako Jarraipen Batzordea martxan jartzea aurreikusten da. Batzorde hori foru-komunitateko hainbat erakunde publikok osatzen dute, lurraldean proiektuarekin lotura duten jarduerak garatzen dituztenak. Batzorde horren bidez, proiektua administratzeko eta finantzatzeko koordinazio-esparru bat eraiki nahi da.

 

Zer dira Jakiak Ehuntzen proiektuaren lantaldeak?

 

Proiektuaren barnean, hainbat lantalde jarri dira martxan, eta lurraldeko hainbat pertsona eta erakunde biltzen dituzte, diagnostikoan eta hasierako erronken lehenespenean oinarritutako jarduera zehatzak koordinatuko eta bultzatuko dituztenak. Online edo aurrez aurreko bilerak eginen dituzte, garatuz joanen diren jarduketen beharren arabera. Hiru hilean behin, gutxienez, aurrez aurreko formatuan eginen dira bilerak. Ondoren, lantaldeen helburu nagusiak eta martxan dituzten jarduketak deskribatu ditugu:

  • 1. LT. Ekoizpena: Nekazariek eta abeltzainek osatua.
  • Helburuak:
    • Tokiko produktua lurraldean banatzea eta merkaturatzea sustatzeko modu egokiak definitzea.
    • Lurraldean zuzeneko salmentarako merkatuak bultzatzeko moduei buruz eztabaidatzea.
    • Ekoizpen-sektoreen artean (lehen eta bigarren sektorea) lankidetza eta elkarlana indartzea lurraldean.

 

  • Prestatze bidean diren jarduketa nagusiak:
    • Ekoizleen merkatu/azoka bat edo gehiago abian jartzea, Zangozako Merindadean ikusgai izan daitezen.
    • Hainbat erakundek lurraldean egin asmo dituzten zuzeneko salmentako azokak eta merkatuak koordinatzea, eta tokiko ekoizleen presentzia handiagoa eta tokiko produktua ikusgarriagoa izatea ahalbidetu.
    • Eskura egonen diren tokiko produktuen katalogoa egitea, 2.LTarekin batera.
    • Saltoki txikietarako, kontsumo-taldeetarako eta ostalaritzarako banaketa koordinatzea lurraldean.
    • Ekoizpen-sektoreko eta merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-sektoreko profesionalen arteko topaketak antolatzea, 2.LTrekin batera.

 

  • 2. LT. Ostalaritza eta merkataritza: Lurraldeko ostalaritzako, merkataritzako eta nekazaritzako elikagaien banaketako enpresaburuek osatua.

 

  • Helburuak:
    • Tokiko produktua lurraldean banatzea eta merkaturatzea sustatzeko modu egokiak definitzea.
    • Merkataritza-, ostalaritza- eta sukaldaritza-establezimenduak bereizteko modurik egokienei buruz eztabaidatzea, tokiko produktua lurraldean merkaturatzeari dagokionez, salmenta-bolumena handitzeko eta tokiko kontsumoa eta turismoa fidelizatzeko.
    • Lurraldean banaketa-, merkataritza-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreen arteko lankidetza eta elkarlana indartzea, baita sektore horien eta ekoizpen-sektorearen (lehen eta bigarren sektorea) artekoa ere.

 

  • Prestatze bidean diren jarduketa nagusiak:
    • Tokiko denda txikiak eta ostalaritza bereiztea tokiko produktuaren arabera, Zangozako Merindadean bateratu ahal izateko.
    • Tokiko produktua saltzen duten establezimenduen zerrenda egitea eta ezagutzera ematea.
    • Eskura egonen diren tokiko produktuen katalogoa egitea, 1.LTarekin batera.
    • Ekoizpen-sektoreko eta merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-sektoreko profesionalen arteko topaketak antolatzea, 1.LTrekin batera.

 

  • 3. LT. Lurraldeari balioa ematea eta nortasun partekatua: elkarteak, udalak, biztanleak..

 Helburuak:

    • Elementu sinboliko eta kulturalak identifikatzea, Zangozako Merindadeko lurraldean nortasun partekatua sortze aldera.
    • Lurraldeko hainbat eragileren eta gizarte- eta ekonomia-erakunderen arteko partaidetza- eta lankidetza-sentimendua sustatzeko modu egokiak definitzea.
    • Lurraldean tokiko elikagaien kontsumoa sustatzeko moduak identifikatzea.
    • Lurraldean ekoizpen-sektoreak (lehen eta bigarren sektorea) egiten duen lan profesionalari balioa emateko moduak identifikatzea.
    • Estrategia eta kanpaina zehatzak diseinatzea Zangozako Merindadean lurralde-nortasun partekatua indartzeko, tokiko elikagaien kontsumoa handitzeko eta nekazaritzako eta nekazaritzako elikagaien jarduerari balioa emateko (helburu hori asmo handiegiko asmo gisa hartzen da, eta LTaren lan-ahalmenera egokitu beharko da).
  • Prestatze bidean diren jarduketa nagusiak:
    • ‘Jakiak ehuntzen’ proiektuaren komunikazio-plana garatu eta abian jartzea, irudi korporatiboa, ikurritzak eta komunikazio-ekintzak barne.
    • Plan horrek, aldi berean, lurraldean nortasun partekatua sortzeko eta lurraldean ekoitzitako elikagaien tokian tokiko kontsumoa sustatzeko lanak hasiko ditu.
    • Herri-erakunde eta gizarte-erakunde gehiago erakartzea proiektuan parte hartzera.

Zein lurraldetan ezartzen da proiektua?

Zangozako Merindadea Nafarroako bost merindade historikoetako bat da; 55 udalerri eta 22.000 biztanletik gora dituen lurraldea da, honako eskualde hauetan banatuta (ikus 2. irudia):

  • Pirinioak: Esteribar, Erroibar, Aezkoa, Artzibar, Erronkari-Zaraitzu, Izaba eta Nabaskoze.
  • Pirinioaurrea: Irati Ibarra (Irunberri-Agoitz)
  • Zangoza

Nola lagun dezaket proiektuan?

  • Toki-erakundea bazara:
    • Lantaldeetan esku hartuz.
    • Proiektuarekin harremanetarako pertsona bat harremanetan jarriz, zalantzak argitu eta koordinazioa ezartze aldera.
    • Proiektua eta horren jarduerak ezagutaraztera emanez tokiko web-orriaren eta bestelako komunikazio-baliabideren bidez (whatsapp eta beste sare sozial batzuetako hedapen-zerrendak, iragarki-taulak, bandoak eta abar).
    • Proiektuarekin lotura duten azoka eta ekitaldi publikoen deialdia eginez.
    • Proiektuaren barneko ekintzetarako udalen lokalen erabilera ahalbidetuz.
    • Datuak eguneratuz, proiektuan jasotako ekintzak garatze aldera.
    • Tokiko Agenda 21 proiektuarekin uztartuz, eta proiektuko jarduerak bide horretatik zabalduz.
  • Elkartea, enpresa edo banakako pertsona bazara:
  • Proiektuko lantaldeetan esku hartuz.
  • Proiektuko ekintzak antolatzen lagunduz.
  • Proiektuko ekintzetan parte hartuz.

 

Harremanetarako:

  • Cederna Garalur Elkartearen webgunea: cederna.eu
  • Posta elektronikoa: tejiendoladespensa@cederna.es
  • Mankomunitateen, Ibarretako Batzarren eta Cederna Garalur Elkartearen Tokiko Garapen Agentzien bidez.