Informazio interesgarria
Geografia:
Erronkari Ibaxaren hegoaldeko atarian kokaturik, Ollate eta Peñako Amabirjinaren artean Eska ibaiak higatu duen arroila zaharkatuz, Burgirekin eginen dugu topo. Erreka eta bidez inguraturik, Iruñetik 77 kilometrora dago, 629 metroko altueran.
Burgiko etxeak Eska ibaiaren eskuineko ertzean pilatzen dira, herriari eskailera itxura emanez. Herriko ezaugarri nabarmen gisa harriz osaturiko kaleak eta teila makurrez egindako teilatu lerdenak, hegal luzekoak ditugu, Piriniotako bereizgarri diren zilindro formako tximiniez horniturik izan ohi zirenak, nahiz eta gaur egun oso gutxi gelditu.
Natura:
Burgiko mugapean balio handiko naturguneak aurkituko ditugu, hala nola, Sasiko Urmaelak eta Burgiko Arroila. Azken hau, Natur Erreserba izendatua izan zen eta bertan, beste hegazti batzuekin batera, Europako putre talderik handienetarikoa bizi da.
Udalerrian seinalez horniturik daude bai Burgiko Arroilara joateko bidea eta baita Basariko izeidira joatekoa ere. Horietaz gain, badira mendian ibilitzeko aukera paregabea ematen duten beste hainbat bide ere.
Historia:
Aragoiko Erreinuarekin muga egiten zuenez, Burgik gaztelu garrantzitsu bat izan zuen, XVI. mendean Gaztelako Fernando Katolikoak, Nafarroa konkistatzearekin batera, suntsitu zuen arte. Egun, Gazteluko Amabirjinaren baseliza ikusiko dugu garai batean gaztelua zegoen lekuan.
Horretaz gain, Urdaspaleko Monasterio beneditarraren hainbat aztarna oraindik zutik dirau Burgiko mugapean. San Eulogio VIII. mende bertan izan zen, eta Erdi Aroan Jaurerri izatera pasatu zen.
Hasiera batean, Burgiko armarrian zubi bat ageri zen, azpian Olatzeko Guda oroitarazten zuten bi haitz zituena, eta gainean errege arabiar bati moztutako burua, odola zeriola. 1797ko Konbentzioko Gudan erronkariarrek erakutsitako jokabidea saritzeko, aitzitik, Karlos IVak gaztelua eta erbi-txakurra gehitu zizkion, Erronkariko gainontzeko herrien armarriei bezala.
Artea:
XVI. mendeko San Pedroko elizaren barruan Leireko Monasterioaren organo zaharra aurkituko dugu, Mendizabalen Desamortizazioaren ondoren abandonatua izan zena. Horretaz gain, XVII. mendeko San Sebastianen irudi bat duen erretablo barrokoa eta estilo gotikoko zenbait kalize gordetzen dira bertan.
Erromatar garaiko zubiaren irudi ederrak ongietorria ematen dio bertaratzen den orori. Zubiak oraindik garaiko lau arkuak, goragune zaharra eta ibaiko ura urratzen duten tajamareak gordetzen ditu. Ibaian gora metro batzuk eginez, zura eta bestelako ekoizpenak (abeltzantza, esaterako), bertako biztanleen bizibide izan direla oroitarazten digun presa txiki bat aurkituko dugu.
Xeiak:
Burgiko festak San Pedroren omenez ospatzen dira ekainaren 29an. Horretaz gain, Bideko Amabirjina eta Peñako Amabirjinaren omenez erromeriak ospatu ohi dira.
Almadiaren Eguna biziki festa garrantzitsua da Burgin, Interes Turistikoko Festa izendatua, eta almadiazainen ogibideari omenaldia egiten diona. Festa honetan hiru almadia jeitsi ohi dira Ezka ibaitik, aspaldiko lanbidea oroitaraziz.
Ohiturak:
Egun, Nafarroako Almadiazainen Elkarte Kulturalari esker, almadia Burgiko irudi bihurtu da, almadiazainen bizibideari omenaldia eginez. Burgiko Museoak argazki, tresna eta ikus-entzunezko emanaldien bidez ogibide hau ezagutzeko aukera ematen du.