“Zazpitan zazpi” egitasmoari ekinen zaio Erronkaribarko zuhatzik berezienak txerkatzeko
Proiektua Erronkaribarko hezkuntza komunitateak aurkeztutako proposamena da. Helburu zehatza du: ibarra osatzen duten zazpi herrietako zazpina zuhaitzik ikusgarrienak ezagutaraztea. Horretarako horien tamaina, historia, antzinatasuna edota balio bilogoikoak aintzat hartuko dira. Beste asmo garrantzitsu bat ere badu: talde eta pertsona ezberdinen arteko elkarlana sustatzea, belaunaldien artekoa eta herrien arteko integrazioaren indartzea. Gure natura-ondarearen zati bat deskubrituz eta balioetsiz.
Lehenengo fase honetan, udalerri bakotxean proiektua aurkeztuko da ekintza-taldeak sortzeko. Talde bakotxak 7 zuhaitz bilatu, identifikatu eta aukeratu beharko ditu bere herrian. Horretarako, herriko jende nagusiarekin bilduko da eta bertako informazioarekin zuhaitz zaharrak aurkitu eta bisitatu ondoren, katalogatu eginen dira.
Bigarren faserako, ibarreko herri bakotxak bere altxorrak aurkeztuko ditu eta Erronkaribarko zuhaitz berezienak aukeratuko dira, espeziearen arabera. Azkenik, zuhaitzetako bat bailarako zuhaitzik bereziena izanen da.
Eta, azkenik, hirugarren fasean, azken ideia da euskarri bat sortzea, egindako lana zabaltzeko eta gainerako biztanleei eta bisitariei hurbiltzeko.
Aurkezpena Burgin
Proiektua Burgin aurkeztuko da datorren ortziralean, otsailak 11n, arratsaldeko 19: 00etan Udaletxean. Antolatzaileek natura, zuhaitzak eta ondarea maite dituzten pertsona guziei “Zazpitan Zazpi” ekimenean parte hartzera animatzen diete.