BORTA, liburu ebiltaria
Mendeetan zehar, landa-munduko bizimodua transmititzeko bitarteko nagusia izan da ahozkotasuna. Etengabeko informazio jarioan, sutondoko “egudiartxo” momentuen bidez edo lan desberdinetan ari zirela, adin nagusikoek leku izenak, kanta edota atsotitzak erakusten zizkieten gazteenei, baita edozein esparruko jakintzak, ohiturak, sinesmenak ere: identitateak sortzen diren kultura-ondarea.
Erronkaribarko belaunaldien arteko komunikazioa bultzatu, garai berrietara egokituz, horixe da Borta proiektuaren xedea. Egun ahozko transmisioak bestelako erreferentziak izan ditzake oinarri, grafikoak, adibidez , eta teknologia berriak lagun, babestu eta zabaldu egin ditzakegu.
Modu batean zein bestean, funtsezkoena pertsonen arteko harremanak dira. Mezuaren bidea eten ez dadin, bi borondateek bat egiten jarraitu behar dute: mutur batean, transmititzeko nahia daukan ahoa; bestetik, entzuteko prest dauden belarriak.
Erronkaribarreko zazpi herrietako boluntarioen lankidetzari esker, duela oso gutxi arte ohiko bizimoduaren berezko elementuak zirenak berreskuratu ahal izan dira, kontakizunez kontakizun eta argazkiz argazki, eskuetan duzun liburu bidaiari hau egiteko.
Zaindu dezagun, goza dezagun… eta batez ere, ahalbidetu dezagun mezuak jarrai dezala.